Informazioa iturria «BERRIA»: Tristea
Gizartea
Tristea
Tristea da norberaren hizkuntzaren izen ona lau haizeetara hedatu beharra. Tristea norberaren hitzen oihartzuna zakur erlastu baten zaunka ez dela frogatu eta gogorarazi beharra, behin eta berriro. Tristea, baina batzuetan ezinbestekoa. Nafarroako Gobernuak lehen aldiz ospatuko du Euskararen Nazioarteko Eguna, abenduaren 3an. Orain arteko gobernuek ez dute halakorik egin. Euskara hutsaren hurrena zen ustezko nafar zale benetako espainiar zale horientzat. Euskara, el vascuence, mendialdeko mintzaira da haientzat, oraindik desagertu ez dena, halabeharrez jasan beharrekoa. Ondoko erregioko baskoek politizatutako hizkuntza. Euskal anexionismoaren tresna.
Sin el euskera, Navarra no se entiende —Euskararik gabe Nafarroa ezin da ulertu—, dio Iruñeko agintariek atzo bertan abiarazitako kanpainaren leloetako batek. Eguneroko bizitzan erabiltzen dituzten hainbat hitzen jatorria euskaran sustraituta dagoela jakinarazi nahi diete euskaraz ez dakitenei. Osasuna da berba horietako bat. Hori baino euskaldunagorik? Espainiako futbol ligako talde bakarra dago euskal izena duena: Osasuna. Fundatzaileek ez zioten Salud edo Santé izena jarri taldeari, Osasuna baizik. Bertako hitza. Lingua Navarrorum-etik hartutakoa.
Euskararik gabe Nafarroa ezin da ulertu. Nafarroa gabe euskara ezin da ulertu. Nola ulertuko dugu, ba, euskara Etxepare eta Axular gabe? Nafarroan euskararen alde sustatutako kanpaina samurra da. Hizkuntza herrialdearen ondarea dela hedatu nahi du. Sentsibilizazioa. Errespetua. Horixe aldarrikatu nahi du. Kanpaina ez da erasotzailea. Komeni da kontuz ibiltzea. Bestela, hizkuntza politizatzen ari direla leporatuko die baten batek egitasmoaren bultzatzaileei. Hizkuntzak komunikazio tresnak dira, baina batzuek politizatu egiten omen dituzte/ditugu. Beti euskaldunok —edo katalanek, esate baterako—. Besteek, inoiz ez, noski.
Hizkuntza ez dugula politizatu behar esan digute. Hori ez egiteko eskatzen dutenek ez dute hala jokatzen, antza. Inoiz ez. Frantziako Gobernuak kuotak jartzen baditu frantsesez eginiko produktu kulturalak babesteko, ez omen da frantses hizkuntza edo kultura politizatzen ari. Frantziako Konstituzioan ere ez da politikarik egiten herrialdean mintzatzen diren beste hizkuntzei onarpen ofizialik ematen ez zaienean. Hexagonoko herritarrak dira, beste hizkuntza bat dute, baina horrek berdin dio Parisi. Frantziako hizkuntza ofizial bakarra ezagutu, eta bereganatu egin behar du euskaldunak Errepublikaren identitate politikoaren oinarriak sendotzeko.
Espainiak ere hizkuntzak politizatzen ditu. Politika ezartzen du hizkuntzalaritzaren eta filologiaren gainetik. Zer da, bestela, aireportu bateko errotulazioan hitz bera —benvinguts eta benvinguts— bi aldiz idaztea hizkuntza bakarra dena zatitzeko? Edo beste lurralde batean hizkuntza hori hitz egiten denean lapao izeneko munstroa asmatzea, Aragoi ekialdeko zatitxo bateko herrietan nagusi den hizkuntzari katalana ez deitzeko?
Haiek edozer egin ahal dute. Guk, ordea, ia-ia baimen eske ibili behar. Goxo-goxo, inor ez mintzeko. Tristea da euskararen izen ona aldarrikatu behar izatea, non eta norberaren etxean. Hizkuntza horren beraren sorterrian, ez Thailandian edo Islandian. Euskararen izen ona Nafarroan bertan defendatu beharra. Normalena hizkuntzaren erabilera zuzena goratzea izango litzateke, baina guk, askotan, nahikoa dugu hizkuntza horri arnasa ematearekin. Euskararen izen ona aldarrikatzearekin. Euskararen inguruan dauden ezjakintasuna, utzikeria eta gorrotoa gainditu. Autogorroto linguistikoa deitu izan dutena ere bai. Nafarroako iparraldeko ume euskaldunak eskolara autobusean eramaten zituen gidari haren kasua datorkit gogora. Euskararen arerioa. Euskara zuen lehen hizkuntza, haur horien herrikoa baitzen. Hala ere, euskaraz entzuten zienean itxuraldatu, amorratu egiten zen. Umeei oihu eta errieta egiten zien. Hileta-elizkizunak erdaraz egin zizkioten, jakina.