BIBA! PROIEKTUA

Informazioz iturria «Deia»20. Korrikak 40 kilometro egingo ditu Bilbon zehar Kulturari bibaka

Bilbon euskal kultura sustatu eta zabaltzeko xedearekin sortu da Biba! proiektua. Hilabete darama zabalik Erronda kaleko guneak, eta antolatzaileak pozik daude orain arte izandako harrerarekin

JONEBATI ZABALA – 2016(e)ko abenduaren 11a, igandea – 11:44etan eguneratua

Oihana Bartra eta Lutxo Egia proiektuko kideak, Erronda kaleko kulturgune berrian.

Oihana Bartra eta Lutxo Egia proiektuko kideak, Erronda kaleko kulturgune berrian. (José Mari Martínez)

Denbora luzez ideia mamitzen egon ostean, Bilboko bihotzean, Erronda kaleko bigarren zenbakian gorpuztu da Biba! kultur proiektua, kultura-gune gisa. Baina gunea baino askoz gehiago da; izan ere, Bilboko kultura eskaintzari ekarpena egitera dator Biba!, euskal kultura bultzatzeko asmoz, eta horretarako hainbat lan-lerro dituzte mahai gainean.

Hirian kultur arloko sormen handia dagoen arren, “beste eredu bat sustatzeko beharra” zegoela uste dute egitasmoko kideek, eta alternatiba bat eraiki nahi izan dute. “Ikusten genuen bazegoela euskal kultura bultzatzeko behar bat eta baita lehenengo mailan mugitzen ez den kultura eredu baten alde egitekoa, sortzaile hasiberriei euren lanak erakusteko aukera ematekoa”, azaldu du Oihana Bartra bertsolari eta Biba!-ko kideak.

Bilboko hainbat kulturgile, sortzaile eta kultur zale hasi ziren ideia honi bueltak ematen eta Biba! da horren emaitza. “Bilborako kultura proiektu bat eraikitzea zen asmoa, gero etorri zen gunea”, kontatu du Lutxo Egia idazle eta egitasmoko kideak. Herrikoia izan da, beraz, proiektuaren abiapuntua eta modu berean jarraitzea da asmoa: “Nahi duenak parte hartu dezake, ideiak proposatu ditzake edota lantaldeetako batean sar daiteke”, Egiaren esanetan.

Taberna ere badu guneak, eta “elkargune” izatea gustatuko li-tzaieke egitasmoko kideei, hots, “kultura eta euskara munduan mugitzen den jendearen topagune” bihurtzea. Iruñeko Katakrak-en an-tza izan dezakeen arren, Bartrak dio ez dutela eredu jakinik kontuan izan proiektua sortzeko orduan. “Guk gure modura egin dugu, ikusten genituen beharren arabera eta izan ditugun intuizio horien arabera. Denborak esango digu ea horiek egokiak ziren edo moldatzen joan behar garen”, azaldu du Bartrak.

Planteamendua zabala da, baina batez ere sortzaile berrien aldeko apustua egin nahi du egitasmoak, programazioari dagokionez. “Guk jendearengana heldu nahi dugu, baina baita ere jendeak sentitzea Biba!-n lekua duela, gugana jotzea, hau da, bi norabidetako harremana sortzea gustatuko litzaiguke”, adierazi du Bartrak. Aurrerantzean ere proposamen berriak sortuko direlakoan dago Egia, bere aldetik: “Badago gogo bat, jendea hurbildu zaigu, eta jendea hurbiltzen zaizunean gauzak sortzen dira, ezinbestean. Giro positiboa dago Biba!-ren inguruan”, jakinarazi du. Euskal kulturaren alde egingo dute, nahiz eta ez den mugatua izango. “Biba! euskara eta euskal kultura nagusi diren gunea da, non euskal kultura ez den menperatua edo minorizatua; alegia, gune bat non euskaldunak sartu ahal diren eta gustura sentitu giroarekin eta programatzen denarekin”, azaldu du Egiak.

LAN LERRO ANITZAK

Programazioaz gain, beste lan lerro bi finkatu dituzte egitasmoaren funtzionamenduan: ikerketa eta kultur laborategia. Lehena, GITE elkartearekin batera egingo dute. Bilboko kulturaren egoeraren inguruko diagnosia egingo dute, auzoz auzo dauden espazioak, hutsuneak eta beharrizanak identifikatzeko helburuarekin. “Bagenuen susmo bat, baina egoeraren argazki zientifiko eta zehatzagoa izateko, Bilboko kultur mapa egingo dugu”, jakinarazi dute. Behin ikerketa eginda, zer nolako elkarlan eta sinergiak egin daitezkeen ikusiko dute.

Epe luzera, kultur laborategia izena jarri dioten proiektua ere finkatu dute. Sortzaileen sarea sortu nahi dute, hortik harreman berriak egin eta beharbada lan berriak ere sor-tzeko. Gogoetari tartea eskaini nahi diotela azaldu du Egiak: “Sortzaileok elkar hobeto ezagutu eta posible bada proiektuak elkarrekin martxan jarriko ditugu. Bestalde, sortzen dugunarekin ere gogoeta egin beharko genuke: ze kultura mota, zer sortzen dugu eta zertarako, non eragiten ari gara? Horretaz gogoeta egin nahi dugu eta gogoeta hori Bilboko sortzaileekin egin nahi dugu”.

Hasiera arrakastatsua Urri amaieran zabaldu zituen ateak Errondako Biba kultura-guneak. Hilabete egin du jada eta egitasmoko kideak pozik daude orain arte izandako harrerarekin. “Ekintzak egiten hasi garenetik sekulako arrakasta izaten ari dira”, kontatu du Bartrak. “Beharbada, horrek adierazi nahi du jendeak baduela zer eskainia, baina ez non eskaini eta baita ere mota horretako ekintzen eskari handia dagoela, interes handia”, gehitu du. Sare sozialetan ere jarrai-tzaile mordoa dituzte eta programazioa sare sozialetan asko hedatzen ari dela gaineratu du Egiak.

Abenduko programazioa zehaztuta dute, gustu guztientzako eskain-tzarekin: antzezlanak, disko aurkezpenak, kontzertuak… Abenduaren 23an, Bihotz salataria obra eskainiko da; 27an, magia ikuskizuna Imanol Ituiño magoarekin; 28an, Jordi Montañez kantautore kataluniarrak kontzertu akustikoa eskainiko du; azkenik, 29an, Eskafandra taldearen Baltza nazela dineure ikuskizuna izango da.