EUSKARA

Interneten ere lehen hitza euskaraz lelopean, kanpaina abiatu dute. Batetik, herritarrei dei egin diete beren gailuak euskaraz konfiguratzera, bestela erdal kontsumitzaile gisa ageri direlako. Bideoa albistearen barruan.

2017-05-17 / Garikoitz Goikoetxea

Irabazteko partidetako bat Interneten dauka euskarak, eta beheraldi batzuk sumatzen ari dira esparru horretan. Euskara berez duena baino ahulago ageri da sarean. Hori iraultzeko kanpaina bat hasi dute PuntuEus fundazioak, Codesyntaxek, Kontseiluak eta Ikastolen Elkarteak. Lortu nahi dute herritarrek gailuak euskaraz konfiguratzea eta webguneek euskara lehenestea.

“Panorama kezkagarria” sumatu dute euskarazko konfigurazioari dagokionez. Egin dituzten neurketen arabera, Euskal Herriko internauten %5 eskasek dute euskara nabigazio hizkuntza gisara. Azaldu dute gailuak erdaraz konfiguratuta egoten direla defektuz, eta, hori aldatu ezean, euskara ikusezin egiten dela: alegia, nahiz eta euskarazko webgune batean egon, gailua erdaraz konfiguratua badago, erdal kontsumitzaile gisa ageri dira euskaldunak. “Dagokiguna baino beherago ageri gara euskaldunok”. Horrek arriskua dakarrela ohartarazi dute: “Euskaraz nabigatu ezean, webguneak garatzen dituztenek ez dute euskara kontuan hartuko, eta, beraz, ez da euskarazko edukirik izango. Are gehiago, sakelakoen eta ordenagailuen sistemak ere ez dituzte euskaraz kaleratuko”.

Interneten ere lehen hitza euskaraz kanpainaren asmoa hori da, beraz: gailuak euskaraz konfiguratzea. Horretan laguntzeko hainbat tresna sortu dituzte. Batetik, plugin bat: hori instalatuta, konfigurazioa euskaraz jarriko du. Bestetik, aplikazio bat ere sortu dute Androiderako, konfigurazioa alda dezan. Gainera, hainbat webgunetan txertatuko dute banner bat, irakurleari adieraziko diona zein hizkuntzatan ari den nabigatzen. Segidakoa da bannerra:

Erabiltzaileei ez ezik, webguneen arduradunei ere egin diete dei euskararen aldeko pausoak eman ditzaten. Esplikatu dutenez, gaur egun erabiltzailearen nabigazio hizkuntzaren araberakoa da webek eskaintzen duten edukia: erdara bada nabigazio hizkuntza, webguneak ere erdaraz eskaintzen du edukia. Hori aldatzeko eskatu dute: euskara ager dadila lehenbizi, konfigurazioa bat edo beste izan arren, euskararen erabilera areagotzeko —betiere aukera legoke handik erdarazko bertsiora jotzeko—.

Ikastolen Elkarteak unitate didaktiko bat sortu du. DBHko ikasleekin landuko dute, eta bi helburu ditu: batetik, Interneten dituzten ohiturei buruz hausnarketa egitea eta euskara sustatzea, eta, bestetik, ohitura horiek beren ingurura zabaltzea. Erronka bat proposatuko diete: beren inguruko hamar lagunek euskaraz konfiguratzea beren gailuak.

Interneten Eguna da gaur, eta Euskarazko Interneten Eguna ospatuko dute PuntuEus fundazioaren eskutik. Iluntzean egingo dute ekitaldi nagusia, Azpeitian (Gipuzkoa).