Maialen Lujanbio da 2017ko txapelduna

Bigarren aldiz irabazi du Bertsolari Txapelketa Nagusia. Bigarren Aitor Mendiluze izan da. Atzetik sailkatu dira Sustrai Colina, Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Beñat Gaztelumendi eta Unai Agirre, hurrenez hurren.

 ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS
2017ko abenduak 18

   0  

Giro beroa izan zen BECen lehen unetik. Ikusleek txalo zaparrada itzelarekin hartu zituzten zortzi finalistak, oholtzarako bidean. Ordena hau egokitu zitzaien: Igor Elortza, Aitor Sarriegi, Maialen Lujanbio, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Sustrai Colina, Amets Arzallus eta Aitor Mendiluze. Denak, barruan zuten onena emateko prest. Jendea, berriz, bertso festan murgiltzeko gogoz, eta, faboritoez galdetuta, erantzunak denetarik: Arzallus, Lujanbio, Gaztelumendi…

Goizean, kartzelako lanarekin jo zuen goia giroak. «Atetik sartu zarenean, isildu egin dira denak»; kartzelako gai hori eman zieten bertsolariei. Elortza izan zen abesten lehena, eta Sarriegi bigarrena.

Gaixo baten rolean jarri zen bizkaitarra, eta ezin hobeto azaldu zuen diagnostikoa jaso ondoren gaixoa etxera datorrenean sor daitekeen ezinegona: «Nahiz ta bakoitzak bere baitara / badaukan nahiko esamez / isili-isilik jezarri gara / elkarri dena esanez». Sarriegik, berriz, gelara sartzen den irakaslearen papera aukeratu zuen, eta baita txalo zaparrada ederra jaso ere.

Dena den, Lujanbioren saioak hunkitu zituen guztiak. Heroinak harrapatuta handiak egin eta etxetik alde egitera iritsi zen baten rola hartu zuen. Deskribapen gaitasunarekin, gabon gaueko afarian ikusi dute beren burua entzuleek. Honela laburbildu zuten goiza Miren Garate eta Gorka Azkaratek:

Arratsaldean, eta buruz burukora nor igaroko zen jakin zain, banakako gaiak ahalik eta ondoen garatzen ahalgindu ziren bertsolariak. Guraso izatea egokitu zitzaien Lujanbio, Arzallus, Gaztelumendi eta Agirreri.

Ondoren jakin ziren bi finalisten izenak, eta honela erreakzionatu zuten ikusleek:

Izerdia. Horixe izan zen buruz burukorako hitza, eta halaxe jarri zituzten Lujanbio eta Mendiluze aurrez aurrekoan. Bederatziko txikian ekin zioten gaiari, eta baita ederki burutu lanak ere. Berdin kartzelako gaiarekin ere.

Saioa amaituta, lehiakideak zutik txaloka eta baita BECen bildutako ikusleak ere. 19:30ak zirela eman zuten txapeldunaren izena: Maialen Lujanbio, 1.756 punturekin. Hortxe lehertu zen aretoa.

Txapela jantzita eta giroa baretuta, balorazioen unea heldu zen. Finalaren osteko prentsaurrekoan, egindako lanarekin gustura agertu ziren bertsolariak. Malkotan atera zaie denbora guztiko tentsioa. Pozezko besarkadak izan ziren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna