Informazioa iturria “ARGIA”: Euskalduntasun urbanoa, Biba!
Orain dela bi urte, Bilbon eman nuen hitzaldi bat euskalduntasun urbanoari buruz. Saiatu nintzen hurrengo urteetako euskaldunon bilakaera Bilbon irudikatzen, saiatu nintzen etorkizuna asmatzen. Era berean, mito batzuk deuseztu behar zirela aipatu nuen berbaldian.
Batetik, hizkuntza zaharrenaren mitoa apurtu behar zela aipatu nuen. Gurea ez da hizkuntzarik zaharrena, zientifikoki ezin da esan hizkuntza hau bestea baino zaharragoa dela. Ezin da. Beraz, utz dezagun bazterrean hori.
Horren ordez, aldarrikatu behar dugu gurea hizkuntzarik modernoena dela. Izan ere, nork erabiltzen zituen era natural xamar batean orain dela 30-35 urte gaur erabiltzen ditugun berbak? Nork? Gurea hizkuntzarik berriena da, plastikoena, egunez egun eraikitzen eta fintzen ari garen obra artifizial kolektiborik handiena. Eta aprobetxa dezagun abantaila hori, behingoz.
Bestetik, arbasoen hizkuntzarena alboratzea proposatzen nuen. Euskara gurea da, ez arbasoena, eta izatekotan etorkizunarena beharko luke, gure ondorengoena. Eta, horren ordez, zerbait aipatzekotan, aipa dezagun apurtu ez den kataia. Gure arbasoek hizkuntza bizirik mantentzeko egin zuten indarra, besterik ez.
Hirugarrenik, baserritarkeria aipatzen nuen. Baserrien hizkuntza ei da euskara, baina euskal herrietan araua asfaltoa da, ez baserria. Beraz, integra ditzagun gure imaginarioan zementuari dagozkionak ere: arteak, bideo-jokoak, grafitiak, teknologiak, eta abar. Eta, batez ere, egunerokoari eta transgresioari lotutakoak.
Laugarrenik, folklorekeriari ere egiten nion aurre. Bilbon (eta ingurune urbanoetan oro har) trikitixak eta kanta tradizionalek ezin dute bete euskalduntasunaren zentroa. Bestela, gazteak (eta ez hain gazte garen beste batzuk) arrapaladan irtengo garelako euskalduntasunetik, arrapaladan beste zerbaiten bila.
Azken finean, aldarrikatzen nuen (eta dut) topikoetatik ihes egitea, aurreiritzi eta ideia prefabrikatuei izkin egitea eta euskalgintza (eta herrigintza) bizitzeko eta sentitzeko molde berrituak. Sortzaileago eta askeago izatea, kritikoago izatea eta egiten dugunetik abiatzea. Egunerokoa iraultzea, hain zuzen ere. Eta beti, helburu gisa, esaten dugunetik egiten dugunera dagoen tartea murriztea, tartea ezabatzea posible balitz.
Hori guztiori esan nuen orain dela bi urte Bilboko berbaldi hartan. Eta jarraitzen dut gauza bera esaten eta gauza bera pentsatzen. Eta, gainera, ematen du diskurtsoak bere bidetxoa egin duela.
Donostian horren inguruko komiki-sorta benetan adierazgarria plazaratu dute alde edo alde izenarekin. Eta, gainera, Bilbon, Zazpikaleetan, Biba izeneko kulturgunea inauguratu dute. Kultura herrikoia eta euskara bultzatzeko espazioa da. Lehen hilabeteko kultur programa enmarkatzeko modukoa da, nire ustez. Eta bide oparoa izango duela ematen du. Bejondeizuela horren atzean zabiltzaten guztioi! Lan oparoa egin ezazue eta gozamenerako eta eraldaketarako pauso sendoak eman ditzagun. Biba zuek!