Baditugu bi berri garrantzitsu zuretzako: bat txarra, ertunago bestea. Berri txarra: “Iskariote familiak ez du baturik irauten”. Berri ertuna: “zortzikote bat osatzeaz berba egin zuten beti…”

Itzuli 90etara Gaztegin-aren esku! Ohore eman euskal rock erradikalaren irudi mitikoei behar den moduan! Euskal Herriko gazte iraultzaren tripak ulertzeko erabat funtzeskoak diren bi ekitaldi dituzu azaroaren 8an eta 9an BIBA Tabernan. Sabotaje!, Matxinada!, Desobedientzia! Agitazioa!

Azaroak 8, asteazkena: arte-erakustaldia + hitzaldia

19etan: Arte-erakusketaren inaugurazioa

“50 gramo amonal eta gazteen adorea. Gaztegineko portada bitxiak”

Gazteginen azal-orri eta marrazki multzo baten erakustaldiak aro probokatzaile eta aldarrikatzaile bati gazteek egindako ekarpena gogora ekarri eta balioetsi nahi du. Autorearen esanetan: “musika, politika, gazte-ekintzak, ekintza-errepresioa-ekintza, salaketa, artea, maniak, hostiak eta umorea, umore asko”.

Gasteizko marrazkilari mitikoaren bitartez 90. hamarkadara hurbilduko gara, euskal gazte-mugimenduarentzat puntu gorenetako batera, alegia. Facebook gabeko aroa, Twitterik gabe, whatsapp eta antzekorik gabea. Garai hartan sare sozialak beste modu batez sortzen ziren, eta energia sozial eta gazte hura gaztetxeak, irrati libreak, fanzineak, gazte asanbladak eta mota guztietako kolektiboak sortzeko gai izan zen. Gaztegin bezalako gazteentzako gehigarria hori guztia bideratzeko tresna izan zen.

Hitzaldia:

EUSKAL ROCK RADIKALA: HAMARKADA ALDARRIKATZAILE BATEN ONDARE KULTURAL, POLITIKO ETA SOZIALA

Hizlariak

– Iker Zubia: Orbain Kultur Elkartearen lehendakaria; elkartea Euskal Herriko punk-rock-aren ondare kultural, politiko eta soziala aztertzeko eta sakontzeko sortua izan zen.

– Ruben Nieto: Gaztegineko koordinatzailea 90. Hamarkadan

– Roberto Landa “Mundina”: marrazkilaria eta Gaztegineko azal-orrien egilea.

Euskal Rock Radikala eta, batez ere, 90. Hamarkadako punk-rock-a musikatik harago heldu zen fenomenoa izan zen. Inolako zalantzarik gabe, fenomeno hark erabateko eragina izan zuen garaiko agenda sozial, politiko eta kulturalean. Hain zen handia eragina, ezen Euskal Herriko historiaren parte bihurtu baita.

Letra gordin eta zuzenek sasoi hartako milaka gazteren errealitate sozial, ekonomiko eta politikoarekin bat egiten zuten. Ekitaldi kultural bat edo aisialdiko ekitaldi bat ez ezik, kontzertuak miseria sozialaren benetako exorzismoa ziren, are gehiago, mundu berri bat eraikitzeko deiadarra ziren. Gazte mugimendua ondo egituratuta zegoen gaztetxeen edo irrati libreen inguruan, militantzia politikoak gainerakoa lortu zuen: aldarrikapena,desobedientzia, agitazio soziala, sormen borrokalaria, iraultza…

Iker Zubiak argi eta garbi azaltzen du:” Cicatriz, Eskorbuto edo RIP bezalako taldeak aintzatesteko lanean dihardugu, beraiek ere Euskal Herriko ondare kultural, politiko eta sozialaren parte baitira”.

Azaroak 9, osteguna: Kontzertua

20etan Hijos de tu Iglesia “Tributoa La Polla Records-i”

Bukatzeko, Hijos de tu Iglesia Bilboko taldeak laurogeita hamargarren hamarkadara eramango gaitu; punk-rock-aren taupadaz, eta La Polla Records-en omenez, ekimen honi amaiera emango zaio, hamarkada hartara hurbilduko gaituen proiektu baten lehenengo fasea izateko asmoz sortu dena.