Informazioa iturria “BERRIA”: Gutxiago euskarari

Gizartea

BIZKAIKO AURREKONTUAK

Gutxiago euskarari

Uste baino diru gutxiago bildu duela eta, aurrekontua %1,1 txikitu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Euskara eta Kultura Sailak izan du murrizketa handiena: %11,3.

Aldundiak 1.165 milioi euro izango ditu datorren urtean sailetan gastatzeko. Aurtengo kontuekin alderatuta, %1,1eko murrizketa esan nahi du horrek: 12,6 milioi euro gutxiago. Sail batzuek aurrekontu handiagoa izango dute, halere, aldundiaren proposamenaren arabera; administraziorako, esaterako, %12,7 gehiago izango da, eta ekonomia eta lurralde garapenerako, %4,5 gehiago. Galtzaile handiak, berriz, euskara eta kultura izango dira. Ia diru kopuru txikiena jasotzen duen sailari %11 murriztu diote aurrekontua.

Aste honetan aurkeztu dituzte diputatuek aldundiaren proposamenak, sailez sail. Taldeek zuzenketak aurkezteko aukera izango dute orain, eta urte amaierarako espero dute aurrekontuak behin betiko onartzea.

GIZARTE EKINTZA

Aurrekontuaren zati nagusia eramango du Gizarte Ekintza Sailak, ohi denez: 473,2 milioi euro. %0,21eko igoera esan nahi du horrek, eta kontu osoaren %41,6.

Adinekoek eramango dute zati nagusia: 172,68 milioi euro. “Kontuan izan legealdi amaierarako bizkaitarren %23k 65 urtetik gora izango dituztela”, argudiatu du Isabel Sanchez Robles diputatuak. Zahar etxeekiko itunek adinekoentzat gordetako dirutik 86,7 milioi euro hartuko dituzte. Egoitzetarako, 9,2 milioi euro gehiago izango dira; diputatuak zehaztu duenez, eskaintza asteburuetara zabaltzeko.

EKONOMIA GARAPENA

Aurtengoaren aldean, %4,5eko igoera izango du Ekonomia eta Lurralde Garapenerako Sailaren aurrekontuak: 256 milioi euro. Imanol Pradales sailburuak azaldu duenez, zati handiena azpiegituren garapenera (%35) eta errepideen kudeaketara (%20,9) bideratuko dute. Errepideen artean, Ermuko saihesbiderako lanek 22,19 milioi euro eramango dituzte, eta Autzaganekoek, 16,12 milioi. Bidesarea planarentzat 18,94 milioi euro gordeko dira, eta 2,5 milioi Arenako zubia konpontzeko.

Errepideen kudeaketari dagokionez, 46 milioi euro errepideak mantentzeko erabiliko dira, eta milioi eta erdi, adibidez, Santo Domingo gaineko errepidea konpontzen amaitzeko. Segurtasun atalean, Gerediaga eta Elorrio arteko errepidean, 44,65 milioi euro erabiliko dituzte. Ordainsariak bateratzeko sistema ezartzeko, berriz, 3,5 milioi.

GARRAIOA, MUGIKORTASUNA

Bizkaibusentzat izango da Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Sailak datorren urtean izango dituen 149 milioi euroetatik erdia baino gehiago. %3,1 gehiago jasoko du: 84 milioi euro. Metroaren 3. Linearen azken zatia ordaintzeak 20 milioi eurotik gora eskatuko ditu. Metroaren lehen bi lineatan hobekuntzak iragarri dituzte.

Hala ere, sailak aurten baino diru gutxiago jasoko duela esan du aldundiak: %4,3 egingo du behera. Hortaz, apaindura gutxiko kontuak agindu ditu Vicente Reyes sailburuak, baina “murrizketarik gabeak”.

Markesinak berritzeko, %122 gehiago erabiliko da: 200.000 euro. Tarifen Integrazioa posible egiteko azterketak amaitzeko 200.000 euro erabiliko dira, eta Bilbo Metropoliko Lurralde Plan Partziala berrikusteko, 165.000.

INGURUNE NATURALA

Murrizketa nabarmena izango du Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak datorren urtean: %9,71koa. Elena Unzueta sailburuak azaldu duenez, “lehen sektorearen modernizazioa sustatzea” izango du lehentasun, eta, horretarako, langileei eguneroko lana kudeatzen lagunduko dien tresna informatikoak emango dizkie. Baserritarren ataria jarri nahi du martxan, esaterako, hainbat tramite on line egiteko aukera eskaintzeko. Plan informatikorako, 3,4 milioi euro jarriko dira. Horrekin, gazteak lehen sektorean sartzea ere bilatzen du Unzuetaren sailak. Helburu horri begira, aurtengo diru laguntzak ere mantenduko ditu.

Ingurumen azpiegituretarako 57,2 milioi euro erabiliko dira. Erdia ia, ura kudeatzeko azpiegituretara. Hondakinen planak 15 milioi eramango ditu, eta hondartzak mantentzeak, 5,7 milioi.

Sailaren ohiko jardunetik kanpoko berritasun nagusia Gaztelugatxekoa izango da. 550.000 euro jarriko ditu leku enblematiko horretan jarduera plan integral bat garatzen hasteko. Bestalde, birziklatzearen beharrean kontzientziatzeko kanpaina batean, 100.000 euro gastatuko ditu.

OGASUNA

120,9 milioi euro izango ditu, datorren urtean, Ogasun Sailak; 2016ko ekitaldian baino 5,2 milioi gutxiago. Hala iragarri du Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak. Aurrekontu jaitsiera hori ez da antzemango sailaren jardueran, ordea. Haren esanetan, “murrizketa aurrekontutik desagertu diren bi sailetan egin baitute”. Hain zuzen, garbiketa eta zaintza lanak Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako Sailak hartuko ditu bere gain (3,1 milioi euro). Artxandako jolas parkea eraisteko iragarritako 1,5 milioi euroko inbertsioa ere ez da gauzatuko, lanak etenda daudelako.

Langileen soldatak, ohiko gastuak eta zerbitzuak ordaintzeko erabiliko du diru gehien: 99,7 milioi euro. Bestalde, 19,2 milioi inbertsio errealetara bideratuko dituzte. Esaterako, Ogasun Sailaren egoitza berrituko dute.

Kupoa eta Eusko Jaurlaritzari egin beharreko ekarpena ordaintzeko 5.007,3 milioi euro gastatuko dituzte. Eta, zor publikoa ordaintzeko, beste 195,6.

ENPLEGUA, BERDINTASUNA

Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailaren aurrekontua %2,8 gutxituko da. Hala ere, “berdintasunaren eta elkartasunaren aldeko politikak mantentzeko ahalegina” egin dela esan du Teresa Laespada sailburuak. 56.541.000 euroko kontua izango du; langileen gastuak kenduta, 49.985.000 eurokoa.

Laespadaren hitzetan, sortzen den enplegua egonkorra eta kalitatezkoa izan dadin saiatzeko erabiliko du diru gehiena. Gizarte inklusioari dagokionez, etxerik ez dutenei eta errefuxiatuei laguntzeko Habitat Bizkaia eta Goihabe programak azpimarratu ditu.

EUSKARA ETA KULTURA

Euskara eta Kultura Sailaren aurrekontuak izango du murrizketarik handiena: %11,3koa. Hori dela eta, “gastu batzuen plangintza berria” egin behar izan duela aitortu du Lorea Bilbao sailburuak, eta “moteldu” egingo dituztela “inbertsio erritmo baxuagoarekin gara daitezkeen proiektuak”. Halere, “jaitsiera erreala” %7,71koa dela zehaztu du Bilbaok, garbiketa eta segurtasun gastuak kanporatu direlako.

Saileko aurrekontuaren zati handiena kulturak eramango du: 26.712.000 euro. Kultura sustatzen duten eragileen ekimenak laguntzeko 2.250.000 euro gordeko ditu. Ertibil ekimenaren antzeko sorkuntza artistikoa laguntzeko 346.000 euro emango dituela esan du, eta finkatuta dauden BOS, ABAO eta Eusko Ikaskuntza bezalako erakundeei 5.561.000 euro emango dizkiela. Ondare kulturala ikertu, zaindu eta lehengoratzera 17.212.000 euro bideratuko ditu.

Kirolen atala ere Euskara eta Kultura Sailak hartzen du bere gain. 7.623.000 euroko aurrekontua izango du. Zati handiena, kirol federatuarentzat: 5.049.000.

Euskarari eskainiko dio diru gutxien sailak: 6.320.000 euro. Euskara ikasi nahi dutenei laguntzeko 480.000 euro izango ditu; gizarte eragileekin lankidetzan euskararen erabilera areagotzeko 90.000 euro, eta udal programei laguntzeko, 800.000.

ADMINISTRAZIOA

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Saila izaten da aurrekontu orokorraren zati txikiena eramaten duena. Datorren urtean ere hala izango den arren, %12,7ko igoera izango du sailak: 46,6 milioi euro guztira. Ibone Bengoetxeak azaldu duenez, garbiketa eta segurtasunerako kontratu guztiak bertan bateratzeagatik da hori. Diru gehiena Administrazio Orokorrak (%27,6) eta aldundia zein udalak “modernizatzeak” (%26,25) eramango dute.