Kultura

Informazio iturria “Berria”:

BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA. FINALAURREKOAK

Arrastoa utzita irabazi du

Bakarkakoan aho zabalik utzi ditu entzuleak Maialen Lujanbiok, «gizona eta andrea» denaren azaletik kantatuta, eta aise irabazi du saioa. 2.260 lagun bildu dira Irungo Artaleku kiroldegian. (Maialen Lujanbioren kartzelako saioaren bideoa, albistearen amaieran).

 

 

Aurrekariak hor zeuden: orain zortzi urte Bergaran argazkilariaren rolean egindakoa; Himalayatik bidalitako karta; suari botatakoa. Eta atzo berriro utzi zuen bere arrastoa Maialen Lujanbiok bakarkako ariketan, «trantsizioan dagoen gorputza» duen baten azaletik kantatuta. Minutu erditik gorako txalo zaparradarekin erantzun zion publikoak ariketa horri; epaileek, berriz, 177,5 puntu eman zizkioten —orain arte, kartzelakorik onenak 150 punturen bueltan ibili dira—. Maite Berriozabal gai jartzaileak puntuazioaren berri ematerako inor gutxik zuen zalantzan zeinentzat izango zen Donibane Lohizuneko finalaurrekoan kantatzeko txartela. Guztira 750 puntu bilduta, hanka bat eta erdi BECen duela esatea ez da astakeria. Aitor Sarriegi sailkatu zen bigarren, 705 punturekin, eta hura era finalerako hautagai sendo bihurtu da. Haien atzetik, UnaI Agirre (667,5), Alaia Martin (651), Maddalen Arzallus (634,5) eta Aimar Karrika (605) geratu ziren.

«Dena ondo zihoan, argia piztu den arte», zen gaia kartzelakoan. Parrandan ibili ostean, beste pertsona batekin haren etxera joan eta biluzi egin zen aurreneko bertsoan Lujanbio, «nere gerrira begira zaude/ ez naiz uste zenduena» amaituz. Bigarrenean are gehiago deskribatu zuen ordura artekoa, eta amaieran kontatu zuen argia piztutakoan zergatik okertu zen egoera: «eta hau ta hura naiz, hartzen ari naiz/ zenbait botika hormona/ gizona eta andrea nauzu/ ez andrea ez gizona/ nere inon ez egon nahia ote/ da zure ezinegona?». Hirugarren bertsoan, berriz, borobiltzen asmatu zuen:

Gizarte honen estereotipo
ta gizarte honen usteen
tranpan zu ari zara erortzen
eta hori ez dizut uzten
zuk badakizu nola zizelka
eta marraztu gaituzten
ze inporta du gaur ari banaiz
zure aurrean biluzten
eta nerori ni neu naizena
hori bakarrik gorpuzten
nere gerripe zintzilikako
desira ari da puzten
itzali zazu argia eta
utzi azalari ikusten

Saioa amaitu ostean azaldu zuenez, ordura arte «uste baino lasaiago, baina hala ere estu» ikusi zuen bere burua hernaniarrak. «Nahi bezain natural ez, baina gaizki ere ez. Hau zen niretzat saiorik zailena». Publikoa bezala, bakarka egindakoak ase zuen gehien bera ere, eta zortziko txikiak.

Han bota zuen saioko lehen kolpea. «Bizilagunak zarete: Maialen, Aitor egunero etortzen da zure etxera zerbaiten eskean, dokumentu bat inprimatu behar duela eta, tinta bukatu zaiola esanez etorri zaizu», zen gaia. Honela hasi zen atzoko irabazlea. «Etzaizu asko gustatzen/ zuri Mercadona/ hementxe daukazu ta/ merkea ta ona». «Lau mesede eskatu/ ta kejaka hasi/ zure jarrera horrek/ ez dit egin grazi/ behar dela soilik/ dizut adierazi/ zuk baldin badaukazu/zertako erosi»

Ondo eutsi zion Sarriegik, baina beasaindarrak ere kartzelan egin zuen lanik onena.

Kartzela dotoreak

Zozketan, Lujanbioren atzetik egokitu zitzaion. Ez zen erraza hark egindako kartzelakoaren atzetik oholtzara ateratzea, baina umorera jota, asmatu zuen. Ligatu ostean, amaren etxera igo zen beste batekin. Ederki irudikatu zuen egoera, «igo eta pasilloan/ ia lapurren antzera/ elkarri eskutik helduta/gelaraino heldu gara». Azken bertsoaren amaierarako utzi zuen sorpresa: «Nik uste nuen builaka/ bertantxe hasiko zela/ ta bapatean esan dit/ inoiz entzun ez bezela/ gaur sorpresarik ez Aitor/ gauzak behar dik horrela/ eta esan dit kondoiak/mesanotxean daudela/ gazteak zarete eta/gozatu dezazuela».

Istorio arrunt edo gertuko batekin, publikoarengana iristea lortu zuen Arzallusek ere. Igartzen da zenbait bertsolari ari direla horretan ahalegintzen, egunerokotasuneko gaiekin osatzen bakarkakoak. Konplexuei buruz kantatu zuen hendaiarrak. Lehen bertsoan ohean kokatu zuen egoera, sexu harremanak izan berritan. Hau bigarren bertsoaren amaiera: «Etzait gustatzen nere aurrea/ ta gutxiago atzea/ ta nahiko nuke gaurkoa ahaztu/ eta lanari heltzea/urte askotako lana delako/ konpleju denak galtzea».

Bide bera hartu zuen Martinek ere. «Ni askoz ilunagoa/ sentitu ohi naiz argitan» amaitu zuen bigarrena. Zenbaitentzat, finalerako hautagai sendoa zen oiartzuarra, baina dezente zail izango du txartela lortzea. Hala ere, utzi zituen zertzelada dotore askoak, eta igarri zitzaion beretik emateko ahalegin bat.

Martinen aurretik Agirre sailkatu zen. Oso fin ibili zen bai zortziko handian eta bai txikian. Sei hilabete petrolio ontzi batean egiten zituen langilea izatea egokitu zitzaion aurreneko ariketan. Lujanbio zuen kantukide, eta, portura iristear zeudela, etxekoak ikusi zituzten zain. «Aizu Maialen barruan ditut/ poza ta kezka batera», hasi zen Agirre, eta oso sinesgarri aritu ziren poza eta hasierako momentuak eragindako kezka irudikatuz.

Txikian, berriz, Karrika izan zuen kantukide. «Aimar bazkaltzera joan zara Unairen jatetxera. Ekarritakoa ona ez zegoela eta, kexatu egin zara. Unaik arazorik gabe ekarri dizu bestea, baina kontuan biak kobratu dizkizu» zen gaia. «Faktura ikusita/ ohartu naiz horra/ txistorra zinez dela/ errepikakorra», hasi zen auriztarra. «Ez dek gauza berdina/ ez izan ahantzia/ txarra egotia ta/ hiri ez gustatzia», erantzun zion Agirrek.

Bastidako saioan, seiko motzeko ariketan izan ziren ariketarik dotoreenak. Atzo, ez ziren bereziki distiratsu aritu neurri horretan. Arzallusek eta Lujanbiok egindakoa izan zen txukunena. Zaborretatik altzariak biltzen egiten zuten lan, eta Lujanbiorentzat aurreneko lan eguna zen, harrituta zegoen hainbeste altzari zaborretan ikusita. Gizarte honen gaitza aberastasuna dela esan zuen Arzallusek aurrenekoan. Ideia polita zuen bigarrengorako ere, baina nahastu egin zen. «Ez dira horren kontu errazak/ mundu txar honenak/ hauek bota dituztenak/ ez dira aberats denak/ harrokerian lanak dira hauek/ ez aberatsenak», bota zuen bigarrengoan Lujanbiok, eta handik aurrera behera egin zuen bertsoaldiak.

Hurrena, Maulen

Orain arteko saiorik onena izateaz gain, jendetsuena ere izan zen atzokoa. 2.260 lagun bertaratu ziren Irungo Artaleku kiroldegira. Larunbatean Maule-Lextarreko Ororena Jai Alaian izango da saioa, eta Beñat Gaztelumendik, Beñat Iguaranek, Nerea Elustondok, Nerea Ibarzabalek, Julio Sotok eta Etxahun Lekuek abestuko dute. Gainerako guztiak bezala, 17:00etan hasiko da, baina finalaurrekoa girotzeko, herri bazkaria antolatu du Sohütan hango ikastolak. Saioaren ostean, berriz, taloak prestatuko dituzte.